mikel p ansa
HIZPIDEAK

Konfiantzak

2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Gobernu bat eta parlamentu bateko mahai bat osatzeko beharrezkoa da konfiantza eraikitzea, eta beharrezkoak dira izenpetutako akordioak. Eta PSNren jokabide alderraiak ez du sortzen konfiantza handirik. Geroa Bairen izenean Uxue Barkosek abisu bat eman zuen atzo, negoziazioak zertan egon litezkeen erakutsiz bide batez. Akordio izenpetu bat aurkeztu aurretik negoziatzen ari diren aldeetako batek besteari komunikabideen bidez eskariak egitea era askotara interpreta liteke, baina, bostetik lautan, negoziazio mahaian lortu ezin dena edo lortzeko konfiantza gutxi dagoena erakusten du. Eguesibarko eta Zizur Nagusiko PSNko zinegotziek Geroa Baiko alkategaiak ez babesteak ere aurrekari txarra sortu baitu. Andoni Ortuzar EAJko burua atera da, Nafarroako sozialisten jokabide horiekin kezka agertzeko. Bihar osatzekoa dute Nafarroako Parlamentuko Mahaia. PSNk Geroa Bairi presidentetza hartzeko bidea irekitzea seinale ezin argiagoa izango litzateke. Baina kontrara ere, PSNk Navarra Sumako presidente bat jartzeko aukera ematen badu parlamentuan, hori ere seinale argia izango da: mesedea mesedearen truke; parlamentuko mahaia, gobernuaren truke. Bihar ikusiko da, beraz, PSNk konfiantza zeinekin eta zenbateraino eraiki nahi duen. Bitartean, orain arte argi gelditu den bakarra da, Nafarroan bezala Katalunian, apartheid politikoa indarrean jarri dela berriz, independentismoari botererako ate guztiak ixteko; Espainiako eskuinak Voxekin horren argi egin ez duena, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.