jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Genitalen depilazioa

2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Zerk bultzatzen du 14 urteko neska bat genitalak erabat depilatzera? Ane Ortiz sexologoak joan den astean BERRIAn eman zuen datu batean dago galdera horren erantzunaren oinarria: batez beste, 8 urterekin hasten dira haurrak pornografia kontsumitzen, eta, sexu heziketarekin lagundu ezean, haur horrek ez du jakingo hori gezurra dela, sexu harremanek gutxi dutela hor ikusten den horretatik, eta sexualitatea hori baino askoz gehiago den mundu bat dela.

Gaur egun, inoiz baino hedatuago eta eskurago dago pornografia gizartean. Zoritxarrez, ordea, hori ez da islatu ereduen aniztasunean: eredu bat nagusitzen da, sexu harremanetan emakumeak gizonezkoen nahiak betetzen jartzen dituena, desira zer den eta zer izan behar duen esaten duena, emakumeen gorputza kontrolatzen duena. Naturala den zerbaiten inguruan, emakumeen genitaletako ilea, mutilek atsekabea agertzeraino.

Sexu heziketa zein beharrezkoa den erakusten dute pornografia eredu horren ondorioz genitalez zabaldutako ikuskerak, emakumerik gazteenengan duen eraginak, eta erabat depilatzeak izan ditzakeen ondorioak askorentzat ezezagunak izateak. Lehen baino are eta beharrezkoagoa da. Ez soilik ikastetxeetan, baita etxean ere, nerabezaroa iritsi arte itxaron gabe. Sexualitatea naturala delako, eta ilerik gabeko genitalak, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.