inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Diktadorearen hilobia

2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Francisco Franco diktadore espainiarraren gorpuzkiak Erorien Haranetik atera eta El Pardo-Mingorrubio hilerrian lurperatzeko Espainiako Gobernuaren asmoa babestu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Berez, espainiar diktadorea hil eta 44 urtera halako mugimendu bat egin izanak bi kontu erakusten ditu, gutxienez: bat, zeinen berandu iritsi den erabakia; eta bi, mugimendu horrek daukan balio sinbolikoa.

Espainian Franco diktadoreak utzi zuen zehaztuta demokraziarako trantsizioaren bide orria: estatu egitura eta estatuburuaren izendapena, herrien eskubide politikoen eta erabakitze eskubidearen ukazioan oinarritutako konstituzioa, eta krimen frankisten arduradunak salbu utziko zituen Amnistiaren Legea.

Horrekin batera, frankismoaren biktima izandako dozenaka mila pertsonaren gorpuak bide bazterretan geratu dira —halaxe daude oraindik ere—, eta frankismoaren garaiko arduradun politiko, polizial, ekonomiko eta judizialek lehengo karguetan jarraitu dute, bat-batean betiko demokrata bilakatuta.

Ondo dago diktadorea Erorien Haranetik ateratzea. Are eta hobea litzateke hark lotuta eta ondo lotuta utzitako sistema berraztertu —monarkia eta estatu egituratik hasita— eta haren biktimei, barkamena eskatzeaz gain, justizia eta erreparazioa bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.