mikel p ansa
HIZPIDEAK

Urrats neurtuak

2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Garrantzitsuak dira tempoak. Jonan Fernandezek —eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak— itxaron du Pedro Sanchezen gobernuak lehen bilera egin arte, baina ez du utzi denboran luzatzen. Tempoak adierazten du euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko edo gerturatzeko zeregina Espainiako Gobernu berriaren agendan sartuko dela aldez edo moldez. Beste kontu bat izango da noiz eta nola. Oso litekeena da denboran luzatzea, urratsak poliki egitea, eta oso litekeena da urratsak banaka egitea —urratsik egitea erabakitzen badu—. Alegia, Madrilek presoen kasuak banan-banan aztertzeko bidea hartuko duela, hartzekotan.

Garrantzitsuak dira moduak ere; Euskal Irrati Telebista aukeratu du berria emateko —ez prentsaurreko bat, edo ohar soil bat—. Eta aukeratutako moduak adierazten du berria modu kontrolatuan eman nahi izan duela Fernandezek. Uste izatekoa da ordurako ETAren biktimen elkarte batzuei jakinarazia izango ziela Jaurlaritzak asmoa. Hala ere, Covite eta beste elkarte batzuk berehala kexatu zaizkio. Izan ere, Jaurlaritzak aldaketa nabarmen bat egin du proposamen berrian: Espainiari eskatuko dio gizarteratze prozesua hasi aurretik ere ekartzeko presoak. Oraindik ikusteko dago horrek zer esan nahiko duen, eta ikusteko dago Sanchezek onartuko duen —Rajoyrekin 2017-2018an ezinezkoa izan zen—. Momentuz, plan berriaren inguruan pedagogia egiteari ekin dio Jaurlaritzak.

Orain falta da jakitea presoek eurek zer pentsatzen duten proposamenari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.