Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Zaldibarko «krisia»

2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Eta hamahirugarren egunean iritsi dira gogoeta autokritikoak: «akatsak» izan dira, «formetan hobeto egin zitezkeen gauzak». Zaldibarkoa «krisia» dela aitortu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: bi langile, desagertuta; milaka tona hondakin, nahas-mahasean, lur arriskutsu bihurtuta; bizilagunak, suak eta keak larrituta; larrialdi zerbitzuetako langileak, osasun arriskuan jarrita. «Ondorioak ikusita, esan daiteke kontrol mekanismoak ez direla aski izan».

Legebiltzarrean agerraldia egin zuten atzo Jaurlaritzako arduradunek, zer kudeaketa egin duten azaltzeko. Agerian utzi zuten kudeaketan hutsak izan direla. Hutsune larriak. Esaterako, Segurtasun sailburuak kontatu zuen «langileek esanda» jakin zutela amiantoa zegoela —ordurako, igaroak ziren zortzi ordu, eta 150 bat lagun arituak ziren lanean—. Jaurlaritzak berak bazuen horren berri: gobernuak onartu zuen amiantoa izatea.

Duela astebetekoaren aldean, beste jarrera bat agertu dute Jaurlaritzako arduradunek: akats batzuk aitortu dituzte, baita familiekin hotz jokatu dutela ere. Urrats bat da. Baina berandu baino lehen etorri beharko dute beste pauso batzuek ere: zer gertatu den argitzea, informazioa gardentasunez helaraztea, eta erantzukizunak hartzea. Bistakoa da enpresaren erantzukizuna, irregulartasun zantzu larriak baitaude, baina Jaurlaritzaren ardura ere oinarrizkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.