inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Hitzak, su artean

2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Kiskaltzen ari den Kalifornian pare bat ordu eman ditu Donald Trump AEBetako presidenteak, eta lasaitzeko eskatu die herritarrei: «Laster hoztuko du!». Zientzialariek aipatzen duten berotze prozesua gutxietsi du, berriro: «Ez dut uste zientzialariek dakitenik zer gertatuko den». Klima krisiari buruzko eztabaida pil-pilean dago AEBetan. Sute eta urakan denboraldia oso gogor jotzen ari da berotegi gas gehien isuri duen herrialdea. Gertutik jasotzen ari dira, beraz, eurek jarritako hazien fruitu mikatzak.

Arazoa, baina, Trumpen negazionismotik harago doa. Atzo, Bioaniztasunari Buruzko NBEren Konbentzioak5. txostena aurkeztu zuen, eta ohartarazi zuen 2011-2020rako sinatzaileek hartutako 20 helburuetatik bakar bat ere ez dela guztiz lortu. «Urte gutxi ditugu desagertze masibo bat eragozteko», ohartarazi du David Cooper txostenaren egileetako batek. Halaber,«etsigarritzat» jo du herrialdeen jokabidea.

Atzo jakinarazi zuen Munduko Meteorologia Erakundeak amaitzear den hau izan dela inoizko udarik beroena ipar hemisferioan. Azken bost udak ere halaxe joan dira. Ez du hoztuko, Trumpek iragarri moduan. Bitartean, gobernuen ekimen faltari herritarren presioa heltzen ari zaio. Orain, Espainiako ekologistek eraman dute gobernua auzitara. Ekintzarik ezean, hitzak su artean erretzen baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.