mikel p ansa
HIZPIDEAK

Homosexual homofoboak

2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Homosexual guztiak ez dira homofoboak, bistan denez, eta homofobo guztiek ez dute zertan homosexual izan, baina arreta ematen du homosexualen aurkako bortizkeria handienetakoa erakusten duten politikari batzuek azkenean aitortzen dutela homosexualak direla eurak ere. Aste honetan jakin da Bruselan 25 bat gizonezkok sexu festa bat egin zutela. COVID-19aren kontrako agindu gehienak urratzen ari ziren, agerikoa da hori, eta legea bestela ere urratzen ari ziren, drogak ere topatu baitzituzten lekuan. Koronabirusaz harago doa auzia, ordea: europarlamentari bat bazen gutxienez talde horretan, eta, zer izango, eta Viktor Orbanen Fidesz alderdi ultraeskuindarraren sortzaileetako bat. Homosexualen eskubideen aurka maiz mintzatu da gizon hori. Ez da bakarra. Elizgizonak ere harrapatu izan dituzte halako orgietan. Eta duela hamar urte AEBetako politikari homofobo batek aitortu zuen, asko kosta zitzaion arren, gorroto zuen talde horretako kidea zela bera ere.

Homofoboa eta aldi berean homosexuala izateak kontraesan gogorra eman dezake. Baina 1996ko ikerketa batean ikusi zuten gizon homofoboak zirela sexu harreman homosexualak ikusiz gehien berotzen zirenak. Homofobia, muturreko gorroto asko bezala, norbere buruaren kontrako gorrotoaren seinale izan bailiteke. Homosexualitatea sendatzen tematuta daude zenbait, baina akaso homofobiak behar du sendabidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.