inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Txertoa

2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Iazko urtarrilean, Edward Holmes birologoak COVID-19aren genoma osatu eta berehala ekin zioten gaitzaren aurkako txertoa garatzeari. Oso hilabete gutxitan lortu dute, herrialde askotan gainera, erabilera medikorako txerto bat. Gaixotasun gutxitan lortu da hori horren denbora laburrean. Ikuspegi zientifiko batetik, beraz, ulergarria da batzuek azaldutako poza.

Baina aurki orok du bere ifrentzua. Duela egun batzuk, Holmesek berak zuzendutako beste ikerketa baten berri eman du. Txinako hego-mendebaldeko Yunnan probintziako 400 saguzarretan hartutako laginetan «koronabirus zopa» bat topatu dutela jakinarazi du.

Arazoa ez dira saguzarrak, baina. Arazoa da bizi diren oihanean kareharri asko dagoela, eta Txinaren ekonomiaren gose asegaitzak behar-beharrezkoa duela ingurune horretako meategien emana. Kontuak horrela, saguzarrei alde egitea baino ez zaie geratzen, espezie bereko animalia gehiago eta pilatuago bizi diren tokietara. Handik gizakienganako bidea gero eta motzagoa da.

Iazko etenaren ondoren, Txinaren ekonomia martxan da. Zientzialariak garbi mintzo dira: «Birus ugari bizi dira basanimalietan, eta litekeena da haietatik gizakiengana pasa eta pandemia bat sortzea. Ez da ehun urtean behin gertatzen den kontua». Mundua, baina, AstraZeneca, Pfizer, Moderna eta Johnson & Johnsoni begira dago. Saguzarrak bakean uztea ekarriko lukeen txertoa gehiegi eskatzea da, nonbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.