mikel p ansa
HIZPIDEAK

Batera

2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Zerk elkartzen ditu Espainiako herritarrak? Ba, ez gauza askok. Estatu batek elkartzen ditu, hori bai. Esan liteke hizkuntza batek ere elkartzen dituela, baina beste hizkuntza batzuk azpiratuta bihurtu da elkarren. Historia, izan zitekeen, baina historiak komenentziaren arabera berridazten dira.

Euskal herritarrengatik gauza bera esan zitekeen, baina negatiboan jarrita. Zerk zatitzen ditu euskal herritarrak? Estatu bat ez izateak. Bertan bizi direnen erdiek ez dakiten hizkuntza batek, azpiratua izan delako guztiena ez den hizkuntza batek. Historiak ere bai, bestek idatzi dituztelako euskal herrien historia ofizialak.

Alderdikeriek ere zatitzen dituzte euskal herritarrak; gutxienez oinaztarren eta beaumontarren garaitik datozen familia politikoek —lehenagotik ez bada—. Probintziakeriek ere bai; eta debaldeko kirol liskarrek. Ideologiek. Interesek. Adinak. Soldatek. Generoak. Beldurrek ere bereizten dituzte euskal herritarrak. Beste edozein herrialderi buruz esan zitekeen gauza bera. Kataluniari buruz, Islandiari buruz. Kontua da Kataluniak ez duela estaturik, eta Islandiak bai.

Aberri Eguna «batera», elkarrekin, ospatzera dei egin du herritar talde batek. Athleticeko eta Realeko zaleak batak bestearen garaipenengatik pozten eta porrotengatik penatzen diren egunean errazagoa izango da ikustea euskal herritarrak zerk batzen dituen. Historia eta hizkuntza berreskuratu litezkeelako. Baina estatua izateko zerbait gehiago beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.