mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Gerraren logika

2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Azken egunotan oihartzuna izan du Nazio Batuen Erakundeko Libiarako Adituen Taldeak iragan martxoaren 8an Segurtasun Kontseiluari aurkeztu zion txosten batek. Ez, preseski, aspaldian ahantzia dagoen gerraren egoeraz ematen dituen azalpenengatik; baizik, zehazki, 548 orriko testuko hamazazpigarreneko paragrafo batean erraten duenarengatik. Ikerlariek diote Turkiako armadaren «arma sistema hilgarri autonomoek» eraso egin ziotela Khalifa Haftar Libiako buruzagi militarraren indarren konboi bati. Hau da, tiro egiteko erabakia unean bertan beren kabuz hartu zutela robotek, gizaki batek zuzendu eta botoia sakatu beharrik gabe. Hori dokumentatu den lehenbiziko aldia litzateke.

Ikerlariek deskribatu dituzten aparailu horiek ez dute ez Arnold Schwarzeneggerren, ez giza formako Terminator baten antzik. Lehendik ezagunak diren droneen itxurakoak dira, eta horrek ere zaildu egiten du ikerketa independente batek ondorioztatu ahal izatea gizaki bat ari ote den aparailu hori zuzentzen, edo inteligentzia artifizialaren bidez egin ote duen eraso. Hala ere, nahiko gauza jakina da teknologia hori garatzeko ahalmena badutela hainbat estatuk eta enpresak. Nazioarteko kanpaina batzuk robot horiek debekatu daitezela eskatzen ari dira, baina emaitzarik ez dute lortu oraingoz. Historian ia beti gertatu den bezala, litekeena da gerraren logikak aurrea hartu izana etikaren logikari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.