mikel p ansa
HIZPIDEAK

Susmagarriak

2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Eduardo Galeanok jaso zuen pasadizoa: auto garesti batean zihoazen hiru gizon beltz Sao Pauloko kale batean, Brasilen. Polizia batek geldiarazi eta ordubetez galdekatu zituen, ea non lapurtu ote zuten autoa. Sao Pauloko Justizia idazkaria zen gizon haietako bat; haren laguntzaileak beste biak. Geldiarazi zituen polizia ere beltza zen. 1997a zen. Eta 24 urte geroago, polizia beltz batek ez, baina zuri batek geldiarazi du emakume beltz bat, aireportu batean. Munichen gertatu zen, igandean; polizia alemana zen, eta emakumea, brasildarra, Bera Berako jokalaria: Mariane Fernandes. Nola gertatu zen esplikatu dio Brasilgo kazeta bati, eta arrazakeriaren izaera begien bistan jarri du. Paper bat ez, hiru zituen eskuetan Fernandesek: Brasilgo pasaportea, Espainiako agiria eta, hori duela gutxi iraungi zaionez, Espainiako agintarien behin-behineko agiri bat. Bera Berako beste jokalari brasildar bat arazorik gabe igaro zen Municheko aireportuko polizien kontroletik —Errumaniatik Euskal Herrira itzultzen ari zirela geldialdia egin zuten han—. Taldekide horren azala argiagoa izaki, eta Fernandesena, beltz-beltza. Poliziek ez zioten pasatzen utzi nahi, agiri guztiak eta entrenatzailearen abisuak gorabehera. Gela batean atxiki zuten sei poliziak, eta, azkenean askatu bazuten ere, hegazkinerako ateraino eskoltatu zuten. Beltzak, izan ere, beti dira susmagarriak, Galeanok gogorarazten zuenez —«krimena beti da beltza, edo marroia, edo horia, gutxienez»—, eta hor ereiten da arrazakeriaren hazia: aurreiritzietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.