Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Arrazismoa normalizatzen

2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Autobusean, alboan toki bat badut libre, batzuk zutik geratuko dira nire ondoan ez esertzeko, eta horrek gaizki uzten nau». 23 urteko senegaldar jatorriko gazte baten hitzak dira, SOS Arrazakeriak migrazioarekin lotutako albiste faltsuen eta aurreiritzien inguruan kaleratutako txostenekoak. Gazte horiek, herria eta familia uztearekin gutxi ez, eta hizkuntza eta kultura ezberdineko herrialde batean bizi behar dute, ez dituela nahi sentiarazten dien herrialde batean.

Kaleratzen diren inkesten arabera, herritarren gehiengo handi batek ez du jotzen arrazistatzat bere burua —gero askoren jokabideak kontrakoa erakusten duen arren—, eta deitoratu egiten ditu mezu arrazistak... Gutxi batzuk dira adierazpen arrazistak modu irekian egiten dituztenak, alderdi ultraeskuindarrekin lotuta batik bat: Voxenak entzuten dira Hego Euskal Herrian; Iparraldean, Le Pen, Zemmour eta enparauenak.

Ez dute ordezkaritza handia Euskal Herrian, baina ezin da gutxietsi haien arriskua. Behin eta berriro entzunda, zabalduz joaten dira gorroto mezuok, eta, oharkabean, normalizatu. Bereziki larria da hiriburu bateko alkateak —Enrique Maiak— hori egitea. Maiaren hitzak arbuiatzeko eskatu dute EH Bilduk eta Geroa Baik, baina, SOS Arrazakeriaren txostenak ohartarazten duenez, herritarren begietara kaltea egina dago, oso zaila da halakoei buelta ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.