HIZPIDEAK
Murgiltzea, ezinbestean
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko lehendakariak argitaratu duen lege berrirako proposamenak baditu aintzat hartzeko moduko zenbait atal. Batetik, azken urteotan larriagotu den eskola segregazioari aurre egiteko tokiko kontseiluek duten rola nabarmendu du, udalerria ardatz duten patronatuen bidez. Antzeko egiturak martxan jarri diren beste leku batzuetan —Katalunian, kasurako— emaitza onak izan dira, eta, beraz, aukera ona izan daitezke kultur aniztasunerako eta integrazio orekatu bat bultzatzeko.
Horretarako, baina, ezinbestekoa da euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema bat martxan jartzea. Atzo aurkeztutako proposamenak dio ikasleek maila berean menperatu behar dituztela euskara eta gaztelania DBH amaitzean. Gaur egun hori berma dezakeen eredu bakarra D eredua da.
Agiriak ez du aipatu «murgiltze eredua», baina erabili duen formulazio anbiguoak —«euskara ardatz duen sistema eleaniztuna»— ez du argi uzten nondik nora joko duen lege berriak gai honetan, segur aski Espainiako epaileek Katalunian hasitako jazarpena saihesteko. Anbiguotasunaren atzean murgiltze eredua unibertsalizatzeko asmoa badago, euskara irabazle irtengo da; egungo ereduari eusteko maniobra bat bada, gutxienez bi hamarkada galduko dira ikasle guztien benetako euskalduntzea bermatu ezinik.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.