Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Bi ertzain auzibidean

2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Bi ertzainen kontrako ikerketa abian du Bilboko Zigor Auzitegiak, bi gazteren kontrako gehiegikeria poliziala eta indarkeria leporatuta. Duela urtebete gertatu zen erasoa, Bilboko San Frantzisko auzoan, eta atzo jakin zen albistea. Berripaper batek argitaratu eta Eusko Jaurlaritzak baieztatu zuen. Ertzaintzan barne ikerketa ireki dute, baina ebazpen judizial bat eduki arte ezin omen dute neurri diziplinariorik hartu haien aurka.

Bideo batek jaso zuen gazteen kontrako erasoa. Eta zorteko izan dira gazteak, hasieran haien kontrako salaketa jarri baitzuten agenteen kontrako erasoa egotzita. Bideoari esker, salaketa hori artxibatu eta ertzainen aurkako auzibidea ireki zuen epaileak.

Ez dira asko polizien kontra jarritako salaketak, eta are gutxiago aurrera egin eta zigor batekin bukatzen dutenak. Ertzaintzari dagokionez, Iñigo Cabacasen kasua gogora ekartzea saihetsezina da—atzo aurkeztu zuten haren inguruko dokumentala—. Auziak luze jo zuen, luzeegi, eta ertzainburua bakarrik zigortu zuten, espetxera joan beharrik gabe.

Ikusteko dago zer gertatuko den oraingoan. Oraingoz, ikerketapean dauden ertzainek kalean jarraituko dute; behin-behinean isunak tramitatzen jarri beharrean, Segurtasun Sailak hartu duen neurri bakarra bi ertzainen lan esparrua murriztea izan baita: ez dira San Frantziskon ibiliko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.