mikel p ansa
HIZPIDEAK

Eskandaluak

2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Beste eskandalu bat antolatu dute Israelek eta AEBek eskuz esku: Netanyahuren gobernuak sartzea debekatu die bi parlamentari estatubatuarri. Hainbestekoa izan da sortu den zirimola mediatikoa, Israelek atzera egin behar izan baitu. Orain, parlamentari horietako batek erantzun du baldintza horietan ez direla joango Palestinara. Rashida Tlaib du izena, eta hangoa du amona; bisita egin nahi zion. Tlaibekin joatekoa zen Ilhan Omar; beste bi emakume parlamentarirekin batera, lau horiek bilakatu dira AEBetako presidentearen zartailu; squad deitzen diete. Ez die amorru gutxi hartu Trumpek —sorterrira itzultzeko agindu izan die, nahiz laukotetik bakarra den AEBetatik kanpo jaioa—, eta publikoan eta pribatuan salatu du Tlaibek eta Omarrek Israelen aurkako boikota bultzatzen dutela, eta Israelek ez liekeela sartzen utzi behar. «Judu herria gorroto dute, eta ez dago iritzia aldaraziko dien ezer». Esaldi horrekin, Trumpek agerian utzi du debekua guztiz ideologikoa dela. Baina berdin dio; demokrazia liberalak estandar gisa erabili izan dituen guztiak airean lehertzen ari dira. Eta Trumpek esan, eta Netanyahuk egin —gero damutu eta atzera egiteko bada ere—. Eskandalua antolatu dute, eta, aldi berean, agerian utzi dute Mendebaldeko Sahara zeinen egoera prekarioan dagoen. Marokok etengabe kanporatzen ditu atzerriko hautetsiak eta sahararrei elkartasuna agertzera joandakoak. Baina, estatubatuar bati halakoren bat gertatu arte, ez da ez albiste, ez eskandalu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.