HIZPIDEAK

Turkia, 2023

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko ekainak 26
Ezustekorik ezean, Recep Tayyip Erdoganen eskutik iritsiko da Turkia 2023an errepublika modernoaren mendeurrenera. Paradoxikoki, Mustafa Kemal Ataturk-ek estatu modernoari eman zizkion ezaugarriak desagerraraziz eramango du estatua urteurren horretara: botere banaketa, laikotasuna... 2003an, lehen ministro kargua hartu zuenean, Erdoganek «Turkia berri bat» iragarri zuen, eta, igandeko bozen ondoren, dagoeneko esan daiteke estatu berri hori errealagoa dela, hurbilago dagoela baino gehiago.

Agintaldi hau amaitzen badu, gutxienez hogei urtez egongo da boterean Erdogan. Lehen ministro gisa, lehenik, eta presidentetzan, ondoren. 1998an poema bat irakurtzeagatik kartzelan egotetik, Ataturki itzala egin diezaiokeen pertsonaia historiko bakarra izatera hel daiteke bide horretan. Hark duela ia ehun urte egin zuen bezala, zentzu berri bat ematen ari zaio Turkiako Estatuari, turkiarren eta nazioartearen onespenarekin sistema presidentzialista bat ezarriz. Bidean geratuko dira hasierako moderazioa, EBn sartzeko borondatea, oposizioa, giza eskubideak, PKKrekiko bake prozesua, militarren boterea, estatu kolpeak...

Bost urte barru ikusiko da nora eraman duen Erdoganek Turkia, baina komeni da ez ahaztea noren eskutik heldu den dagoen tokira 2018an: lehen, AEBen aliatu politikoa izan zen Ekialde Hurbilean; orain, EBren aliatu estrategikoa izaten jarraitzen du Europaren mugan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna