jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Kalean

2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Modu etsigarrian amaitu da Iñigo Cabacasen hilketaren epaiketa. Fiskaltzak absoluzioa eskatuz bukatu du, tiroa nork bota zuen frogatu ezin dela esanez, eta, gau hartan Bilboko kale batean tiro bat eta gorpu bat egon ziren arren, deliturik ez dagoela sinetsarazi nahian. Jaurlaritzak, auzipetuei babes juridikoa emanda eta autokritika, minaren aitortza eta beste hilketa batzuk argitzeko erakusten duen grinaren arrastorik eman gabe.Eta Athleticek, isilik, lehendik webgune ofizialean Iñigo Cabacasek dituen bost aipamen eskasei —azkena, 2015ean— beste bat gehitu gabe.

Sei urte eta erdi pasatu dira Bilboko kale batean ertzain batek hurbil eta zuzen botatako gomazko pilota batek Athleticen zale gazte bat hil zuenetik. Hori da epaitu dena. Hori izan zen Cabacasen erru guztia: futbola ikustera joan eta ondoren lagunekin kalean geratzea. Baina Cabacas ez zen Bilboko edozein kaletan geratu lagunekin, baizik eta han, herriko taberna baten parean.

«Sartu guztiarekin», zenbat aldiz entzun ote da oihu hori Ertzaintzaren transmisioetan? Polizia horrek jarduteko modu jakin bat egin du bere ideologia jakin baten aurka, eta erakundeek zilegitasun osoa eman diote urte hauetan guztietan. Epaiketak erakutsi du jarduteko modu horrek babesa duela oraindik, eta, «sartu guztiarekin» aginduaren oihartzuna bulego askotan entzun litekeen bitartean, kalean dago hurbiletik eta zuzen tiro egin zuena. Agian, lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.