mikel p ansa
HIZPIDEAK

Macronen ezina

2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Macroni agintaldia hankaz gora jarri zion Jaka Horien protestak. Eta Notre Dameko suteak zapuztu egin zion protesta olde horri aurre egiteko pentsatu zuen Eztabaida Nazional Handiaren ondorioak aurkezteko agerraldia. Azkenean, atzo agertu zen prentsaren aurrean, agintaldiari gelditzen zaion denboran zer asmo dituen azaltzeko. Hizketan hasterako aitortu zuen Frantzian barrena jaso duen haserrea egiazkoa dela, eta zergei buruz, lurralde desorekei buruz eta gizarte diferentziei buruz «injustizia» sentimendu bizi bat dagoela. Jaka Horien eskariei ez die men egingo, ordea. Harroegia da horretarako. Aberastasunaren gaineko zerga berriz kobratzeko eskariari ezetz esan dio; horren ordez, klase ertainari zergak jaitsiko dizkio. Pentsioen «erreforma sakona» agindu du. Migrazio politika errotik astintzea. Herritarren parte hartzea bideratzeko organo bat sortzea. Ekologia gobernuaren politikaren erdian jarri eta herritarren kontseilu bat eratzea, zozketa bidez 250 pertsona hautatuta. Administrazioa txikitzea eta deszentralizatzea... Diskurtsoari erreparatuz gero, sistema eta gizarte berri bat eraiki nahi dituen estatu gizon baten ahotsa aditzen da kazetarien aurrean, erreforma handinahien intentzio bat. Baina egintzetara eta emaitzetara jaitsiz gero, ikusten da politikari izatera jostatzen ari den bankari bat, nahi eta ezinean. Eta abiatu izan dituen erreforma gehienek paretaren kontra jo dute, eta su gehiago piztu. Harrokeriaren eta ezinaren artean dabil Macron; ez dira garai onak teknokratentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.