Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

EHUtik heldu da aitortza

2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren ekarpenari aitortza egin diote. Pisu eta garrantzia berezia duen aitortza, gainera; batik bat, azken urteetan erakunde ofizialek aitortza hori ukatu izan diotelako. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Txillardegi izena jarri dio Donostiako Carlos Santamaria zentroan dagoen erakusketa aretoari.

Euskaltzalea, euskal ekintzailea, irakaslea eta soziolinguista izateaz gain, euskara batuaren sustatzaile nagusietako bat izan zen Txillardegi; baina baita pentsalaria, literatura modernoaren ikurra eta politikaria ere. Alabaina, ETAren sortzaileetako bat ere izan zen, eta garai hartan borroka armatuak zuen zilegitasuna defenditu zuen beti. Donostiako Udal Liburutegiari haren izena jartzeko eskaera anitzi erantzunez, Txillardegi ETAko kide ohia izatea «arazo» bat zela argudiatu zuen Eneko Goia Donostiako alkateak. Haren ekarpena ez aitortzeaz gain, ekintza armatuen zikloari amaiera eman behar zitzaiola publikoki esan zuten lehenengoetako bat ere hura izan zela ahaztuz.

Azkenaldian, pixkanaka, Txillardegiri merezitako aitortza ari zaizkio egiten —horma irudia Antiguan, plaka Arantzazun, omenaldia Korrikan...—, eta, orain, EHUren erakusketa aretoa. Omenaldi ofizialen hutsunean pauso bat da atzokoa, baina ez da udal liburutegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.