inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Aldaretik jaitsi gabe

2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Etsita azaldu dira Nafarroako ikastetxe erlijiosoetan sexu abusuak jasan dituzten biktimen elkarteko kideak. Epaileek uko egin diote azken bederatzi hilabeteotan salatutako 30 kasuak ikertzeari, kasuek preskribatu dutelakoan. Baina ez da hori etsipena eragin dien bakarra. Izan ere, Nafarroako Eliza katolikoko arduradunekin egin dituzten bileretan, ez dute enpatiarik sumatu gertatu zaien horren inguruan, ezta barkamena eskatzeko asmorik jaso ere. Besteak beste, Iruñeko eta Tuterako artzapezpiku Francisco Perezekin egindako bileran, hark aitortu die ez duela barkamenik eskatuko, hori «delitu larriak» aitortzea litzatekeelako.

Eta, hain zuzen ere, hori egin beharko luke, hau da, aitortu delitu larriak egin dituztela bere elizako ordezkariek, eta azaldu delituok erreparatzeko neurriak hartzeko asmoa daukala. Hori egin ezean, gizartearen eta erakundeen presioa jasan beharko luke, barkamena ez eskatzea deseroso bilakatu arte.

Zeren eta, sexu abusuekin dauzkan zorrak kitatu beharrean, erakundeek ematen dizkioten pribilegiozko baldintzak baliatzen jarraitzen du Eliza katolikoak bere egitasmoak aurrera eramateko, dela ondasun higiezinen gaineko zergaz salbuetsita, dela herritarren errenta aitorpenaren ekarpenak jasotzeko dituen erraztasunei esker. Eta, horrela, nekez sentituko du beharra aldaretik jaitsi eta daukan ardura aitortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.