Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Elkar zaindu

2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Inoiz gutxitan ikusitako neurriak hartzea ekarri du koronabirusak: alarma eta larrialdi deklarazioak, ikastetxeak itxita, larrialdi zerbitzuak gainezka, etxean geratzeko eskaerak, eta jendearen ezinegona eta kezka erakusten duten jokabideak saltokietan. Birusaren hedapena nabarmen larritu da egunotan, eta ezinbesteko egin du neurri irmoak hartzea. Horiek betetzeko garaia da orain, eta zentzuz jokatzekoa: birusa gehiago hedatzea saihesteko, egun giltzarriak izango dira hauek.

Ezohiko egoera da erabat, eta sortutako itolarriak agerian jarri du gizarte sistemaren itogina: zaintza lanaren ikusezintasuna, gizarte sareen premia, saltzen eta erosten ez denaren balioa. Gizarte gisa gogoeta egiteko oinarria da.

Jadanik 500 laguni baino gehiagori atzeman diete gaitza, eta uste izatekoa da datozen egunetan areagotu egingo dela kopuru hori. Egoera zaila izango da. Arduraz jokatzeko garaia da: arduraz erakundeek, mezu argiak eta gardenak emanez, errealitatea zein den herritarrei azalduz; eta arduraz herritarrek eta eragile sozialek, osasun agintarien neurriei eta gomendioei kasu eginez.

Hori da egunotarako giltzarria: elkar zaintzea, horretarako benetako bideak jartzea, zabaltzen ari den birusari daukan inportantzia ematea. Erantzukizunez jokatzea, finean: jende artean ez pilatzea, eskuak maiz eta ondo garbitzea, beharrezkoak ez diren bidaia guztiak bertan behera uztea, kalteberak bereziki babestea. Ahal bada, etxean geratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.