Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Telebistako marrazkiak

2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Duela hamabi urte jarri zuten martxan umeentzako euskarazko katea, ETB3. Erdarazko ikus-entzunezkoen eskaintza gero eta ugariagoa den garaian, itsasargi funtzioa du ETB3k: une oro ari da haurrentzako edukiak euskaraz ematen. Kontua da, ordea, seinalea jaso ezinik daudela milaka ume oraindik: Nafarroako eskualde batzuetan ETB3 ez da ikusten telebistan. Itsasargi hori ez daukate, beraz, umeek: erdarazko kateak dituzte.

Euskarazko telebistak oztopo ugari izan ditu urteotan: ETB1 ikusteko arazoak jarri zituen gobernuak urteetan, eta 2016an heldu zen herrialde osora. ETB2 ere iristen da. Ez, ordea, ETB3: herrialdeko multiplexean lau kate daude, eta kanpoan geratu zen umeena. Eskualde batzuetan badute seinalea, tokiko multiplexa baliatuta; beste batzuetan ez dute modurik. Kontu teknikoa da berez, baina agerikoa da kutsu politikoa: multiplexa handitu behar du Espainiak. Alde horretatik, aintzat hartzekoa da Nafarroako Parlamentuko gehiengoak eskatu izana ETB3ren seinalea —Navarra Sumak bakarrik egin du kontra—.

Itxialdiak, eskolak ixteak, agerian jarri du hezkuntzatik harago ere euskara bultzatu beharra: lan horretan garrantzi handikoak dira ikus-entzunezkoak, batik bat ahozkoan hutsuneak dituzten gaztetxoen kasuan. Sorkuntza behar da, euskarazko eduki gehiago sortzea, baina zabaltzea ere ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.