martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Alliot-Marie, Chirac, Sarkozy...

2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Luzea da Frantzian bere ibilbide politikoa justizia jauregietako eskaileretan bukatzen duten politikarien zerrenda. Eta auzipetuta bukatzen ez dutenak dimisioa ematera behartzen dituzte kargua utzi aurretik egindakoen ondorioz. Azken horien artean, 1995etik 2002ra Donibane Lohizuneko alkate ohi Michele Alliot-Marie, Kanpo Arazoetako ministroa zela erortzear zen Zine el Abidine Ben Ali tunisiar presidentearekin edukitako harreman politiko desegokiaren ondorioz dimisioa eman behar izan zuena.

Neurrigabe jardun zuena Jacques Chirac presidente ohia izan zen, Parisko alkate zela. 30 milioiko lapurreta egin zuen hiriburuko arduradun nagusia zen bitartean, gezurretako lanpostuei zegozkien soldatak RPR alderdiarentzat desbideratuta. Adinean aurreratuta zegoela argudiatuta, epaiketara ez joateko baimena eman zioten epaileek, baina horrek ez zuen zigorretik libratu: bi urteko kartzela, baina kartzelan sartu behar izan gabe.

Aste pare bat berandu iritsi zaizkio sanmartinak Nicolas Sarkozy presidente ohiari, baina iritsi zaizkio. Aste honetan epaituko dute ustelkeriagatik eta influentzia trafikoagatik. Ikusteko modukoak izango dira 2010ean Errumaniara eta Bulgariara kanporatu zituen «ijito ez-frantziarren» poz aurpegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.