mikel p ansa
HIZPIDEAK

Arnasa nola hartu

2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Segurtasunak behar ditu izakiak; heldulekuak. Hurrengo urratsa egingo duenean hanka ez zaiola lurrean hondoratuko jakitea, adibidez; arnasa hartuko duenean ez zaiola deus hilgarririk sartuko sudurzulotik. Nola ibili, nola arnastu, segurtasun oinarrizko horiek gabe? Pandemiak jo eta zapartatu ditu helduleku horietako batzuk, joan den 2020 horretan. Urrats bakoitza, arnasaldi bakoitza, ongi pentsatzera eraman ditu munduko biztanleak. Helduleku asko jausi dira. Mundua gero eta bizileku konplexuagoa da, gero eta zailagoa da ulertzea zer gertatzen ari den, eta zergatik. Urteen arteko pasabide honetan, ohitura izaten da joan den urtearen balantzea egitea, eta etorriko dena aurreratzea. Heldulekuak dira horiek ere; denbora finkatzeko moduak. Duela urtebete, 2020ak ekarriko zuena aurreikusten saiatu ziren hedabideak, orain bezala; seguru asko, inork ez zuen asmatu nolako kalamidadea helduko zen iaz. Eta 2021a ezin dela okerragoa izan pentsatuz hasiko zuen urtea askok. Baina urteen arteko pasabide honetan beste hilketa matxista baten berria heldu da, eta horrek ekartzen du gogora heldulekurik eta segurtasunik gabe nola bizi diren emakume asko: hurrengo urratsa nola egin behar duten ez dakitela, hurrengo arnasaldira iritsiko ote diren ez dakitela. Pandemia luzea suertatzen ari zaie gehienei, baina beste gaitz batzuk zaharragoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.