mikel p ansa
HIZPIDEAK

Emozioak ez dira aski

2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Triste eta amorratuta dago IƱigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, txertoekin Basurtun eta Santa Marinan gertatu denarengatik. Ospitale horietako kudeatzaile eta buru batzuk osagileen aurretik txertatzeak ezinegona eragin du, baina gobernuaren erreakzioa, orain arte, gaia saihestea izan da. Bere emozioen berri eman du lehendakariak, eta protokoloa betetzea garrantzitsua dela esan du, baina azalpenik ez. Osasun sailburuak agerraldia du gaur, eta azalpenak emango bide ditu. Informazioa eta tempus-ak kontrolatzea atsegin du Jaurlaritzak, eta ez ditu gozo hartzen galderak. Ez da txertoekin bakarrik gertatu; azkenaldi luzean, gobernuari azalpenen bat exijitu dioten gai guztiekin deseroso eta, are, batzuetan erasokor ere erantzun izan die galderei eta kritikei. Baina kazetariek betebeharra dute galdetzea, eta herritarrek gogoa dute jakiteko. Eta bai, ikerketa batek bere denbora behar du. Onartu dakioke gobernuari epe bat horretarako, ikerketa egiteko, zer gertatu den argitzeko, azalpenak emateko. Onartu dakioke ikerketa hori egin bitartean xehetasunik eman nahi ez izatea ere, denbora behar duela esatea. Baina umiltasuna eta gardentasunerako borondatea dira gakoak horretarako. Ez da aski emozioen berri ematea eta gardentasunez jokatzeko promesak egitea; gobernuak ulertu behar du jardun publikoaren fiskalizazioak kritikak eta galderak dakartzala berarekin. Jarrera kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.