Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

'Demokrazia'

2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako ministro Pablo Iglesiasek auzitan jarri zuen Espainiaren izaera demokratikoa lehengo astean, eta hautsak harrotu zituen; klase politikoa, asaldatuta, ministro batek halako demokrazia garbia zalantzan jarri zuelako. Kanpaina kutsuko hitzak ziren, inondik ere, baina Iglesiasek berretsi egin zituen bere hitzak hurrengo egunean.

Eguna joan eta eguna etorri, ekintzekin berresten da Iglesiasen baieztapen hori. Atzo, Poliziak Pablo Hasel rap kantaria atxilotu zuen, espetxera eramateko, bere kantuetan eta Twitterren —besteak beste, Espainiako errege ohiaren eta poliziaren aurka— eginiko adierazpenengatik. Iruñeko epaile batek, berriz, atxiloketa bat grabatu eta sare sozialetan zabaltzeagatik zigortu zuen herritar bat. Polizien irudia zabaltzea haientzako arriskutsua izan daitekeela argudiatuz; alegia, polizia indarkeriari aurre egiteko tresna izan daitekeena indargabetuz, inpunitatea betikotuz.

Eta antzeko arazoa dute Ipar Euskal Herrian, Frantziako demokraziarekin. Han ere kazetariei jazartzen zaizkie polizia indarkeriaren irudiak hartzeagatik. Eta poliziak nor babesten duen ere argi dago. Atzo, Urruñan, eskuin muturraren kontrako protesta egiten ari zirenei oldartu zitzaien Polizia. Batasun Nazionalari ekitaldi xenofobo bat egitea baimendu zieten, eta haien aurka egitera joandakoei egin zien kontra Poliziak.

Argi dago zein den sistemak babesten duen demokrazia eredua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.