mikel p ansa
HIZPIDEAK

Ezinezkoa

2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Sars-CoV-2 birusaren bertsio zaharra ia desagertu egin da, eta, haren ordez, aldaera britainiarra ari da zabaltzen azken olatu honetan Euskal Herrian. Ikusi beharko da hurrengo hamabost egunetan, baina, orain bertan, ez dira ulertzen Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek azken egunetan esandakoak: espero dutela aurki motelduko dela transmisioa. Datuek ez dute halakorik adierazten. Eta ospitaleak gero eta okerrago daude: ZIUetako oheak ziztu batean ari dira betetzen ostera. Hori ikusita, harrigarria da administrazioek Aste Santuan izan duten joera alderraia: testen artean gero eta positibo gehiago daude, baina apenas ari diren test gehiago egiten. Aztarnarien sistemak ahul jarraitzen du, eta Osakidetzak ez daki kasuen erdiak non kutsatu diren. Zuloak tapatzen dabiltza osasun sistema publikoko langileak; tabernak itxi ahal izateko jarri beharko luketen laguntzak jartzeko ez daude prest gobernuak, edo ez dute baliabiderik; lan eremuko kutsatzeei ez die ia jarraipenik egiten Osalanek. Baliabide publikoetan baino gehiago, boluntarismoan ari da oinarritzen koronabirusaren kontrako politika.

Zero COVID estrategia ezinezkoa dela erabaki dute inguruotako gobernuek: birusarekin bizitzea beste erremediorik ez dagoela, nonbait. Neurriak zorroztea edo arintzea ez da inportanteena: estrategia, baliabideak eta mezu argiak, hori da gakoa. Bestela, martxa honetan, zero COVID lortu nahi izatea bezain ezinezkoa bihurtuko da birusarekin bizitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.