Albistea entzun

HIZPIDEAK

Al-Faraj, Xamo eta Von der Leyen

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2021eko apirilak 14 - @mmuxika

Ascia Al-Faraj Kuwaiteko blogariak eta Xaima Xamo medikuak isiltasuna apurtzea lortu dute, ehunka emakume sexu erasoak salatzera animatuz sarean. «Aldaketa iraunkorrik ez dagoen bitartean, ez gaituzte isilaraziko», aldarrikatu zuen Al-Farajek. Ez naute isilaraziko orria jarri zuen ondoren Xamok Instagramen. Ekialde Hurbilean oihartzun handia izan dute haien ekinbideek. Kuwaiten sortu dute halako behar bat hainbat parlamentarik eraso matxisten kontra legeak egin behar direla esateko. Esanak esan, batzorde bat ere eratua dute xede horrekin: batzordekide guztiak gizonak dira. Zer espero liteke hortik, aitak eta senarrak giltzapetuta bizi diren herrietako emakumeentzat?

«Legeen aurretik, jendearen pertzepzioa aldatu beharra dago», Xamoren ustez. Eta legeak eta pertzepzioa aipatuta, ezin ekarri gabe utzi Istanbulgo Akordioa eta haren ondorena. Europako Batasunak kritikatu egin du Recep Tayyip Erdogan akordio hartatik atera izana; Charles Michel eta Ursula von der Leyen EBko buruek, baina, harekin bilera egin dute gutxira, Turkiarekin harremanak goxatu beharrez: Von de Leyen aulkirik gabe utzi dute Erdoganek eta Michelek. Erdoganek antolatutako harreraz ez da harritu Michel. Pertzepzioa zer den.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...