Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Pauso bat konponbidean

2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Pausoz pauso egiten da bidea, eta pausoz pauso lortzen dira aldaketa handi asko ere. Jaizkibel konpainiak beste pauso bat eman du, konponbideari begira; mahai gainean jarri du urte luzeetako gatazka bati irtenbidea ematen hasteko beste bide bat. Iraultza planteatu zuten orain 25 urte: Hondarribiko Alardea mistoa izatea, parekidea, gizon eta emakume berdinduko zituena. Baina ibilian-ibilian ari dira iraultza hori gauzatzen.

25 urtean, asko aldatu da egoera Hondarribian —baita Irunen ere—: ez dago hasierako kontrakotasun orokorrik, ezta hasierako indarkeria girorik ere —erabat desagertu ez den arren—. 25 urtean, Jaizkibel konpainiak ez dio bizkar eman Hondarribian alardea bere osoan parekidea izateko helburuari; baina, hori lortu artean, beste urrats bat egin dute.

Konpainia guztiek mistoak behar luketela sinistu arren, beraiek beste edozein konpainiak bezala desfilatzeko proposamena jarri du mahai gainean, onartuz, oraingoz behintzat, gainerako konpainiak soilik gizonek osatuta egotea. Beste pauso bat litzateke, ez bidearen amaiera.

Proposamenak erantzun bat eskatzen du; udala bera ere interpelatua da eskaera horretan. Ikusteke dago erantzuna. Orain arte, ateak itxi dizkiote Jaizkibelen eskaera orori. Aurten, alarderik ez da izango. 2022an jarria dute begia, pauso bat aurrera emateko esperantzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.