Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Itzulera, ederra?

2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ze ederra izango den itzulera, elkarren besoen zabalera, zure fede guztiei eustea, zure min malkoak baretzea». Izaroren Errefuxiatuena abestiaren hitzak dira. Eta, bai, irudi luke itzulerak ederra izan behar duela. Baina itzulera denak ez dira berdinak, eta itzulera gehienak ez dira errazak. Nekeza da sinesten Ukrainako gerran ihesari eman ziotenek itzulera ederra izago dutela. Zer topatuko dute itzuleran? Baina zer dago ihesean?

Joseba Sarrionandia idazlearen hitzak dira, hainbat urtez errefuxiatuta bizi denaren esperientziaz: «Nekez uzten du bere sorterria, sustraiak han dituenak». Eta ukrainarren kasuan bezala gerra batetik ihes egiteko uzten duenean, zer topatzen du doan leku horretan? Etorkinen integrazioari buruzko jardunaldiak egin dituzte Bilbon, eta han salatu dute: immigrazioaren gaia agendatik desagertu da, baina integraziorako arazoak ez dira desagertu.

Ukrainarrak ez dira migratzaileen artean egoerarik okerrena topatu dutenak. Baina, hala ere, itzultzen ari dira batzuk. Gerra ez da amaitu, baina guda ez dago beraien bizilekuetan. Dauden tokian egotea baino nahiago dute gerra pasatu den edo pasa daitekeen tokira itzultzea. Eñaut Elorrietaren Deserriko kantak diskoan agertzen dira Sarrionandiaren hitzok: «Deserria da otsoak dauden basoetan sartzea, eta otso gabeko basoetan ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.