mikel p ansa
HIZPIDEAK

Barkamena

2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Besteei barkatzea dohain handitzat daukate erlijio gehienek, baina barkamena eskatzea ongi kostatzen zaie erlijio horietako agintariei. Aste honetan, Iruñeko artzapezpikuak eskatu du barkamena, eskola batean hamarkadetan modu jarraituan ume askori egindako sexu erasoengatik. Kostata iritsi da, eta gazia suertatu da gozoa baino gehiago. Umetan sexu abusuak jasan zituzten zenbait biktimak bilera egin zuten atzo artzapezpikuarekin. Doinua atsegina izan zela onartu zuten arren, eskasa iruditu zaie barkamen eske hori, batez ere eskola batean sexu abusuak jasan zituztenei soilik eskatu dielako barkamena. Ordena erlijiosoetan abusuak jasan zituztenak barkamen eskerik gabe gelditu dira. Elizaren egiturari erreparatuta, egia da gotzaina ezin dela jarri ordena erlijiosoen gainetik; baina abusuak jasan zituztenentzat beste zaplazteko baten modukoa izan da gotzainaren jokabidea: areago biktimizatu ditu.

Barkamena eskatzearekin ez luke ezerk bukatu behar, bestalde. Biktimek aitortza bat behar dute, kolektiboa, eta Elizak bere gain hartu behar du sortutako kaltea; orokorrean, eta ez kasuz kasu soilik. Eliza katolikoaren gerizpean ehunka umek jasan zituzten abusuak, eta Elizak berak salaketak estali, abusatzaileak ezkutatu eta biktimak isilarazi zituen, justizia egiteko aukera guztiak itxiz. Biktimek ez dute barkatu. Besteak beste, barkamena irabazi egin behar delako, eta Elizak ez duelako aski egin barkamena merezi izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.