HIZPIDEAK

Llarenaren etsipena

Martxelo Otamendi Egiguren -

2018ko uztailak 20
Atzo Puigdemontek lortu zuen garaipenaren parekoa da Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu Llarenak hartu zuen kolpea. Llarenak indargabetu egin ditu Puigdemont, Comin, Serret, Ponsati, Puig eta Roviraren aurkako euroaginduak, eta autoan garbi adierazi du amore ematen duela, oraingoz, Europan dauden buruzagi independentziazaleei jazartzeko ahaleginean. Suitzan ihes eginda dagoen CUPeko Anna Gabrieli buruz ez du ezer esan, haren kontrako euroagindurik ez zuelako aktibatu.

Llarena epaileak garrantzi handiko beste erabaki baten berri eman zuen, ondo erakusten duena zenbateraino eman duen amore: ez dio epaitu aurreko galdera egingo Luxenburgoko Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari. Zergatik? Ez dagokiolako berari egitea, eta bigarren porrota jasotzeko aukera handia zeukalako.

Erabaki horiek ez dute indargabetzen Espainiako Prozedura Kriminaleko Legearen 384 bis artikuluaren aplikazioa, zeinaren ondorioz kargu publikoa edukitzeko eskubidea —kasu honetan, parlamentaria— eten nahi dien Llarena magistratuak Puigdemont, Junqueras, Romeva, Turull, Rull eta Sanchezi. Eztabaida juridiko interesgarria piztu du asteotan artikulu horren aplikazioak.

Ez dezagun ahaztu, aukera ikusiz gero, Gorenak edozein unetan jar dezakeela berriro martxan euroagindua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna