jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

'Prest'

2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ikertu eta epaitu den ustelkeria kasu handienetako bat amaierara iristear egon daiteke. Oraindik ez dago ezer lotuta, atzo Arabako fiskalburuak jakinarazi zuenez, baina De Miguel auzia bertan behera geratu izanak erakusten du badagoela akordio bat negoziatzeko oinarri bat: pentsatzekoa da auzipetuek zenbait delitu aitortzea aztertzen ari direla, zigorrak murriztearen truke.

Asko murriztu beharko dizkiete zigorrak auzipetu nagusiei akordioak eurei benetan merezi izateko. Xehetasun horien guztien berri izan gabe, ordea, jada aurreratu daiteke nor izango den akordio horien onuradun nagusietako bat, zeharka bada ere: EAJ. Izan ere, epaiketak aurrera jarraituko balu, 2019ko udal eta foru hauteskundeen atarian iritsi beharko zukeen epaiak, eta, auzipetu nagusiak EAJko goi kargudun ohiak izanik, horien kontrako epai batek ezbaian jarriko zukeen EAJk hainbeste maite duen kudeatzaile onaren irudia.

Prest leloa izango du aurten EAJk Alderdi Egunean. Une honetan Hego Euskal Herriko erakundeetan posizio historiko eta ezin hobean daude jeltzaleak, eta oposizioak apenas ahuldu gabe, horri eusteko helburuarekin iritsiko dira hurrengo urteko bozetara. Akordio batek De Miguel auziaren amaiera aurreratuko balu, datozen hilabetetan bidea libre izango lukete udalak eta diputazioak gobernatzeko euren gestioa bezalakorik ez dagoela nabarmentzeko. Prest. Txarra kenduta, beste guztia ondo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.