jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Zozoa eta belea ipurbeltz

2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Mugako kanporatzeak ohiko bihurtu dira Euskal Herrian. Hendaia eta Irun arteko tren bidaia bat bezain ohiko. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak esana du giza eskubideak urratzen direla mugaren alde batean norbait atzeman eta egin beharreko tramiteak egin gabe beste aldera joatera behartzen zaionean. Baina hori da Hendaia eta Irun arteko mugan azken asteetan maiz, oso maiz gertatzen ari dena. Frantziako Poliziak azalaren kolorearen arabera identifikatzen du jendea, eta paperik gabekoak Irunera bidaltzen ditu.

Euskotreneko barne komunikazio bat eta tren txartel bat dira giza eskubideak ondoen saltzen dituen kontinentean Euskal Herrira iritsita migratzaileei harrera egiteko dagoen burokrazia. Espainiatik joateko agindua dute, baina Frantziak legez kanpo bidaltzen ditu berriro bueltan bestaldera. Mediterraneotik atera ostean, Bidasoko zirimola horretan daude harrapatuta. Ez dago gatazka diplomatikorik. Hamabost urte daramatzalako Espainiak mugako itzulketak egiten, eta Estrasburgok zigortu zuen arren, egiten jarraitzen du.

Europan mugak desagertzen ari direla diotenak dira. Eurek ez dutelako mugarik behar: legeak bezala, lege-hausteak euren alde dituzte, eta orduan eta ohikoago egin, orduan eta lausoago, gainera. Zozoak eta beleak badakite ipurbeltzak direla biak, badakitenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.