inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Balak Amurrion

2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Garai batean ETAk armaz egindako atentatuen ostean ohartxo bat zabaltzen zuten erakundeek, polizia iturriak aipatuz: «Bederatzi milimetroko balak azaldu dira erasoaren tokian». Ekintzaren egiletzaren seinalea zen hori, nonbait.

Aspaldi utzi zion ETAk pistolak erabiltzeari, eta iaz desagertu zen erakunde gisa. Alabaina, euskal gatazkaren puzzlea osatzeko, ez zen nahikoa ETAren piezak eskura izatea. Ez zen nahikoa ekintzak egiten zituen bitartean, eta, beraz, are eta gutxiago da nahikoa orain.

Presoak etxera dioen bandera balkoian zintzilik duen Amurrioko familia baten baserriari ekin diote tiroz. Lekukoen arabera, polizia ohi batek egin du erasoa. Ertzaintza ikertzen ari da, eta gizon susmagarri bat identifikatu du, atentatua egin duelakoan. Atxilotu, oraingoz, ez dute inor atxilotu.

Igande goizeko hamaikak aldera sartu zen tiroa etxeko sukaldeko leihotik. Bertakoak han ziren, eta arrisku bizia izan dute. Bizia galtzeko arriskua, besteak beste. Bederatzi milimetroko beste bala batzuek eragin ohi zuten burrunba mediatikorik ez du sortu Amurriokoak, ordea. Eta beste testuinguru bat irudikatu behar da gertaeraren larritasunaz benetan jabetzeko. Esate baterako, tiroa beste alderdiren bateko kide baten etxearen aurka jo balute, eta egilea, berriz, ezker abertzalearen ingurukoa balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.