mikel p ansa
HIZPIDEAK

Yate hau ez da hain ederra ere

2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Flotagailu hau zulatua dago izenburua zeraman joan den astearteko hizpideak. UPNk PPrekin hauteskundeetarako hitzarmen bat lortu zuela jakin berritan idatzia zen, eta lehen ustea izan zen UPNk PPNren boto apurrak salbatzeko jaurtitako flotagailu bat zela. Balorazioari ertz bat falta zitzaion, ordea, Jose Javier Esparzaren estrategiak flotagailu bat baino askoz gehiago izateko anbizioa zuelako; yate eder bat zeukan buruan, Ciudadanos ere hirukora batuta. Eta lortu du. Hortxe dago inor gutxiri burutik pasatuko litzaiokeen aukera. Yate eder bat, hiru buruzagirekin: Esparza, Casado eta Rivera. Efektu kolpea izan da, hori ezin zaio ukatu. Hiru alderdiak batera aurkeztuta gehitzeko aukera handiak dituzte, eta, banaka aurkeztuz gero, baten bat parlamentutik kanpo gelditzeko arriskua. Eskuina biltzeko, eta Voxen igoera posible baten aurrean, hautesleari alternatiba argi bat emateko aukera emango die. Honezkero argi dago kanpaina nolakoa izango den: abertzaleen inbasioaren eta euskararen inposizioaren kontrakoa.

Efektu kolpeaz harago, ordea, ikusi egin beharko da zenbateraino izango den eraginkorra. UPNk eta CDNk, beren garai onenean (2007), 153.000 boto hartu zituzten elkarrekin. Eskuineko hiruko nafarra kopuru horretara iritsiko balitz ere, nekez lortuko lituzke 22 parlamentari baino gehiago. Eta lau falta gehiengoa osatzeko. Berriro ere PSN izan liteke giltzarria. Yate hau, azkenean, ez da hain ederra ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.