jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Neurriak

2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ez da onargarria 2019an ez egotea arroparen neurri bateraturik. XXS —bai, existitzen dira—, XS, S, M, L, XL, XXL eta XXL neurriak oso ezberdinak izatea arropa batetik bestera, marka batetik bestera. Marka batean arropa handia dena bestean txikia izatea. Litatoian gertatu den moduan, 2014ko M neurria iazko eta aurtengo XL neurriak baino handiagoa izatea. Garai bateko neurriak eta gaur egungoa ez dira neurri berekoak sarritan. Neurriak neurri, gero eta txikiagoak normalean. Eta arazoa ez da konpontzen neurri orokorrak erabili beharrean etiketetako zenbakiak erabilita. Zenbaki bakoitzaren neurria ezberdina baita ekoizlearen arabera, eta kasu batean balekoa eta egokia den neurria, ez da bestean.

Ez da kontu hutsala. Herritar guztiei eragiten die. Ez da kontu praktikoa bakarrik, neurriko arropak azkar eta ernegatu gabe aurkitu ahal izateko. Ez da kontsumitzaile gisa egin beharreko eskaera bakarrik.

Neurriek —neurriak erabakitzen eta finkatzen dituzten markek— kanon batzuk ezartzen dituzte. Jendea sailkatzen dute. Argaltasunaren langa ezartzen dute. Kasu askotan, etsipen sortzaile ere badira. Eta etsipen horiek konplexuak, lotsak, autoestimu arazoak, dietak, elikadura nahasmenduak... eragiten dituzte. Arropen neurriek sarritan zerikusi gutxi baitute errealitatearekin. Neurriak bateratu egin behar dira. Hori bai, neurri errealistak behar dira, benetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.