mikel p ansa
HIZPIDEAK

Alarma ostean

2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago dira alarma jotzen ari diren ikerketak. Azkena, NBE Nazio Batuen Erakundeak bioaniztasunari buruz egin duen lan mardula. Ondorio bat argia: munduan bizi diren zortzi milioi espezieetatik milioi bat galtzeko bidean daude. Bioaniztasuna desagertzen ari zela gauza jakina zen; baina NBEren ikerketak berretsi du gero eta azkarrago desegiten ari dela. Beste ikerketa batzuk ere bide beretik doaz; klima aldaketari buruzko alarma jotzen ari da IPCC adituen taldea aspaldi honetan, adibidez. Neurri «azkar» eta drastikoak hartu ezean, Lurraren tenperatura 1,5 gradu igoko da 2040ko hamarkadarako. Baina bioaniztasunaren galera ez dago lotua klima aldaketari soilik, bistan da. Garapen eredu bati eta sistema ekonomiko-sozial —eta beraz politiko— bati lotuta daude bioaniztasunaren galera eta klima aldaketa. Eta, hain justu, ikuspegi hori da, sarritan, nazioarteko erakundeen txosten hauei falta zaiena. Adibidez: garraioa arazo bat dela esan bai, baina... Zer egingo du humanitateak hegazkinen eta itsasontzien arrasto ekologikoa galtzeko? Zerbait egin dezake? Egin liteke beste sistema ekonomiko bat sortu gabe? Alegia, bestesistema ekonomiko, sozial eta politiko bat asmatu ezean, humanitateak Lurreko bizitza desegiten jarraituko duela. Eta ez, arazo hau ez da konponduko alarmak jo eta kontzientziak ernatze hutsarekin. Erroko aldaketak behar ditu Lurrak, baina sistema ekonomikoak ez ditu nahi: Lurrak arazo bat dauka humanitatearekin. Eta minbiziak ez dira desagertzen kontzientziatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.