mikel p ansa
HIZPIDEAK

Pultsu bat

2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Salviniri erronka jo dion kapitain gaztea. Hedabideek etiketa horrekin aurkezten dute Sea Watch 3 ontziko arduraduna, Carola Rackete. Emakumea da, 32 urte ditu. Matteo Salvini Italiako Barne ministroa saiatu da hura mespretxatzen: «aberaskumea, zuria eta alemana» izatea egotzi dio, delitua balitz bezala. Ez da kasualitatea Rackete gaztea eta emakumea izatea; sutu egin du Salvini. «Gure mugak defendatzeko eskubidea sakratua da», esan du ministroak. Salvinik portuak itxi zituen, Europa osoa bere doinura dantzan jarri zuen, eta orain legeak gogortu ditu. Sea Watch 3 ontzia bezala Italiako uretan baimenik gabe sartzen denak arriskatzen ditu isunak, prozedura penalak eta ontzia bahitzea. Horiek guztiak arriskatzen zituela jakinda sartu da Racketeren eskifaia Italiako uretan.

Baina hau ez da Carola Racketeren eta Matteo Salviniren arteko pultsu bat. Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak Sea Watch 3 ontziari portu seguru batera joateko aukera debekatu zion joan den asteartean, horretarako premia larririk ez zuelako sumatzen. Gertaeren sekuentziak erakusten du Salvinik zaunka egiten duela, eta Europak beste aldera begiratu eta eztul txikia egiten duela. Hori baita Europako agintearen aurpegia: mugak ixtea «sakratua» dela pentsatzen duen kuadrilla zahartu eta izutu bat —Salviniren arrakastaren esplikazioa hor nonbait dago—. Baina Europa bada Rackete eta haren eskifaia ere; kontinente ireki, abegitsu eta humanoago bat nahi dutenen hori. Eta bi horien artekoa da pultsu hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.