jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Syriza

2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Urrun geratu dira Syrizak EB Europako Batasuneko agintariak beldurtu zituen urteak. Urrun geratu da Alexis Tsipras Syrizako buruzagiak Angela Merkeli, EBko gainerako agintariei eta Troikaren beltzezko gizonei erronka jo zien garaia. Brexit-a puri-purian dagoen honetan, gogoratzen grexit-az, Grezia drakmara bueltatzeko eta eurogunea hausteko arriskuaz? Tsiprasek oposizioan eta mobilizazioetan agindutakoak jan egin zituen gobernuan. Herritarrek erreferendumean erreskate planaren baldintzei ezezko biribila emanda ere, beste erreskate bat negoziatu zuen handik astebete eskasera. EBko agintariek kate motzean lotu dute Greziako herritarren ahotsa eta borondatea Bruselako bulegoetara, bileretara eta erabakietara eramatea agindu zuen politikaria. Troikak esandakoak zintzo asko bete ditu, eta herritarrei murrizketak ezarri dizkie urteotan, Europako Banku Zentralaren eta erreskatearen diruaren iturriak ixteko beldurrez.

Greziaren datu makroekonomikoak hobetzen ari dira. Herritarrenak, pobreenak eta erdiko klaseenak, behintzat, ez. Tsiprasen gobernua oraintxe hasi da pentsioak igotzen, BEZa murrizten, lan eskaintza publikoak egiten... Beranduegi, biharko hauteskundeetako inkesten arabera.

Tsipras eta Syriza jada ez dira mehatxua Europako agintarientzat. 2015ean ez zituzten ikusi nahi; bihartik aurrera, agian, faltan sumatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.