martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Norabide aldaketa

2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Urte batzuetan helegitegileei arrazoi ematen jardun ondoren, badirudi Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak norabidea aldatu duela euskal gatazkarekin lotura zuzena daukaten eskaeretan. Duela gutxi, urrutiko espetxe batean eduki zuten euskal preso politiko baten eskaera ez zuen aintzat hartu auzitegiak; eta ez zuen eskaeraren muinean sartu nahi izan, hots, presoen urrunketak presoen eta senideen eskubideak urratzen ote dituen.

Atzo, erdibideko beste ebazpen bat eman zuen Estrasburgoko Auzitegiak: BVEk eta GALek eragindako biktimei diru laguntza publikoak ukatuta haien eskubideei kalte egiten ote zieten erabaki behar zuen. Bide beretik jo zuen, hau da, Espainia ez dagoela behartuta hildakoen senideei diru laguntzak ematera, baina horrek ez zuela esan nahi hildakoak ezeren errudun direnik.

Biktimei laguntzak emateko irizpideak zehazten dituen Espainiako legeak laguntzak jasotzeko eskubidea ukatzen die ETAko kideei, nahiz talde parapolizialen edo estatuaren gerra zikinaren biktima izan. Hor jartzen du muga legeak: ETAko kide izan edo ez.

Atzoko ebazpenaren kasuan ezin izan da frogatu biktima horiek ETAko kide izan direnik, hori dioen sententziarik ez dagoelako. Eta urte askoren ondoren egindako polizia txostenak ez dira aski. Haize aldaketa sumatzen da Estrasburgon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.