Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

1995eko ispiluari so

2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Indartsu ekin zioten atzo grebari Ipar Euskal Herrian; indartsu, halaber, Frantzian. Garraio publikoan eta irakaskuntzan izan zuen eraginik handiena, horiei egingo baitie kalterik handiena Emmanuel Macronek iragarritako pentsio erreformak. Egun dauden ezberdintasunak apaldu eta sistema iraunaraztea helburu, pentsio sistema bakarra ezarri nahi du Frantziako presidenteak. Hori izan zen, 2017an, bere hauteskunde kanpainako ikur nagusietako bat. Aurreko presidenteek egin ez zutena egiteko gai izango zela hitzeman zuen, ez zuela atzera egingo.

Grebara deitu duten sindikatuek «ekonomia blokeatu» eta greba iraunaraztea dute xede. 1995ean, hiru asteko greba eta protestek Alain Jupperen pentsio erreforma geldiaraztea lortu zuten, eta orduko ispiluan islatuta ikusi nahi lukete euren burua sindikatuek. Macron bera ere hainbat erreformatan atzera egin beharrean aurkitu zen iaz, Jaka Horien mugimenduak behartuta, eta ez du berriro bere burua egoera horretan ikusi nahiko. Negoziazioaz hitz egiten ari dira, leundu dute tonua; baina erreformen ikur gisa aurkeztu zen Macron, eta pentsioen aferan atzera egiteak agindutakoa betetzeko gaitasunik ez duela onartzera behartuko luke.

Ikusteko dago protestek indarrez irautea lortzen duten eta Macronen erabakiak baldintzatzeko gai diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.