Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Elizaren isiltasuna

2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Sexu abusuen inguruan urteetan izandako isiltasuna hausteko urrats bat agindu du Frantzisko aita santuak: eliz agintariek ezin izango dutela «sekretu pontifikala» aitzakia gisara hartu salaketak isiltzeko. Ezta biktimei isilik egon daitezen agintzeko ere. Horrelako pauso bat eskatzen ari ziren sexu abusuen biktimen taldeak. Aldaketa arau batera eraman du aita santuak; beraz, Euskal Herriko eliz agintariei ere eragingo die. Urteotako jokabidea zuzentzeko urrats bat da, baina bide bereko neurri gehiago beharko dituena.

Urteotan horma baten gisakoa izan da «sekretu pontifikalaren» aitzakia: bai biktimei informazio osoa ezkutatzeko, bai iritzi publikoaren aurrean esplikaziorik ez emateko. Hala izan da Euskal Herrian ere: salaketei buruzko datuak eskatzean, adibidez, gotzaintza batzuek muzin egin izan diote informazioa emateari, horretarako «Erromaren baimena» behar zutela aitzakia jarrita.

Egiari bide emateko pausoa da sekretupetik ateratzea, baina argitzeko dago zer bide izango duen: ateak noraino irekiko dituzten, alfonbrak noraino altxatuko, zer gertatu den noraino argituko.

Iruñeko gotzainarena izan da azken keinua. Bilera egin berri du abusuak jasandako gizon batekin. Denbora egin du zain gizonak. «Etsita» irten da bileratik: gotzainak ez dio kaltea aitortzeko keinurik egin, eta aurreratu dio informazioa emateko mugak jarriko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.