mikel p ansa
HIZPIDEAK

Zeinek erabaki

2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Feminismoak aspaldi abisatu zuen pertsonala ere politikoa dela. Izan ere, gatazka sozial asko eremu pertsonalekotzat hartu nahi izaten dira. Gizon zuriak zehaztuta zeukan politikoa-ren esparrua; eta ezin zuen edozerk sartu kategoria horretan. Orain, zenbait jarduerari politiko adjektiboa ematea gaitzesgarri suertatzen da; adibidez, grebak politiko gisa kategorizatzea gutxiesteko modu bat da. Gizon zuriak erabakia baitauka grebek ekonomiko-ak izan behar dutela. Eta ekonomia-ren esparruan zer sartzen den eta zer ez ere gizon zuriak erabakitzen du. Harena da ahala, eta hark erabakitzen du politiko adjektiboa noiz den jarduera goresgarria, eta noiz jarduera gaitzesgarria; eta hark erabakitzen du zeintzuk diren diruz lasai hornitzeko moduko ogibideak, eta zeintzuk diren jornalik merezi ez duten bizibideak. Oxfam International erakundeak egin du kalkulua: egunero 12.500 milioi ordu behar dira pertsonen zaintza lanak egiteko; «horrek esan nahi du gutxienez 10,8 bilioi euroren ekarpena egiten diotela munduko ekonomiari». Ekarpena egin bai, baina soldatetan jaso ez: gizon zuriak erabaki du hori ez dela ekonomia. Emakumeek egiten baitute lan hori ia guztia. Feminismoak ez du alferrik zaintzaren arazoan jarria arreta. Oxfamek ere emakumeen beharrean eta beharretan jarri du begia aurtengo txostenean —datu bat aipatzearren: Afrikako emakume guztien adinako dirutza dute munduko 22 pertsona aberatsenek—. Politika eta ekonomia «sexistak» batzuen eremu pertsonalari mesede egiten diotelako soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.