Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Aspaldiko harribitxiak

2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Carlos Iturgaiz «PPren historian boto gehien izan zuen hautagaia» erreskatatu dute Pablo Casadok eta Jose Maria Aznarrek. Arrakasta izan zuen, bai, EAEko alderdiko buru egin zituen urteetan (1996-2004), baina 2005etik hustuz joan da gatazka estrategia arrakastatsu hura; gaur egun zaila egiten da pentsatzea berreskura dezakeela orduko babesa: PPren eta Ciudadanosen akordioak zerikusi handiagoa du Madrilen sutan dituzten interesak beratu nahi izatearekin.

Izan ere, balio al dezake espainiar nazionalismo atzerakoia iratzartzeko? Liskar giroa errentagarria da, baina norentzat? Espainiako eskuinarentzat, bai behintzat. Horregatik, oraingoan ere Genovak diskurtso gogorra hobetsi du alderdia garai berrietara egokitu behar dela diotenen gainetik. Antonio Basagoitik esan zuen ETAren ostean EAEko PPk planteamenduak berritu behar zituela. Joan egin zen. Joan ziren ere Arantza Quiroga eta Borja Senper. Orain Alfonso Alonsoren txanda da.

Iturgaiz ere joan zen, Casadok Bruselarako zerrendan 17. lekura bidali zuenean, duela urtebete Soraya Saenz de Santamaria babestu zuelako. «Harrituta eta triste» joan ere. Orain, berriz, koalizioak behar du, eta poz-pozik dator nota ezagunak hauspotzera, iraganeko loria edo gutxienez protagonismoa emango diotelako esperantzan, desafinatzen badu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.