mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Maskarak

2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Maskaren erabilera derrigorrezkoa da Hego Euskal Herrian gaurtik aitzinera, bi metroko tartea gorde ezin den kasuetan. Europako ikuspuntutik, Asia ekialdeko herrialdeekin lotu izan dira maskaradun herritarrak garraio publikoan edo jendez lepo betetako espaloietan agertzen dituzten irudiak; Japoniarekin, errate baterako. Errespetu irizpide bat dago horren oinarrian: norberak barrenean izan lezakeen gaitza bertzeei ez pasatzea karrikara ateratzerakoan. Japonian portaera sozial oinarrizkoa da eremu publikoan lagun hurkoari errespetua adieraztea: parekoaren espazioa errespetatzea, elkar ukitu gabe agurtzea, ilaran itxarotea... Hain zuzen, Euskal Herrian birusaren hedatzeari aurre egiteko ezartzen ari diren irizpideek antz handia dute japoniarren errespetuzko portaera horiekin. Ari dira hedatzen hemen ere maskaren, elkar ukitu gabeko agurren eta edozertarako ilara egitearen irudiak. Zer-nola aldatuko ditu pandemiak hemengo portaera sozialak? Zaila da imajinatzen bizkarrekoak ematea estimuzko agurtzat duen kultura bat parekatuko denik errespetuaren inguruko ikuskera propioa mendez mende landu duen bertze batekin; hain denbora laburrean, bederen. Hemengo portaera sozialean parentesi itxura du pandemiak, baina gerta liteke, etorkizunean, lehiaketaren bateko galdera batean egokitzea: «Non du jatorria maskara erabiltzeko ohiturak?». «2020an, pandemia bat gertatu zen...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.