mikel p ansa
HIZPIDEAK

Esparatrapua

2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak saihestu egin du Zarauzko agerraldiari fokua jartzea. Asteburuan ez da daturik izan herri horretako PCR probei buruz, eta atzoko prentsaurreko eta prentsa oharretan Nekane Murga Osasun sailburuak behin eta berriro nabarmendu zuen ezin dela jakin azkeneko hiruzpalau egunetan agertu diren positiboak non kutsatu diren, Zarautzen, edo beste lekuren batean. Kazetariek galdetu arte, ez zuen zehaztu herri bakoitzean zenbat positibo agertu diren, baina eman, eman zuen datua: 2.785 PCR proba egin dituzte Zarautzen azken egunetan, eta 80 pertsona agertu dira koronabirusak kutsaturik. Kutsatze komunitariorik ez dela esana du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, baina datua hor dago: ekainetik Euskal Herrian sortu diren fokuetan handienetakoa da Zarauzkoa. Egia da azken egunetako datuak nahasiak direla. Ermuan ehun kutsatu baino gehiago daude, Eibarren ere dozenaka, Elgoibarren, Bergaran... Eta egia da kasu horien guztien jarraipena egitea nekeza dela. Baina poliziek eta udaltzainek bazekiten Zarauzko festa horiek gertatuko zirela. Eta dispositiboa antolatu bai, baina ez zen prebentzio neurri berezirik hartu. Herrietako jaiak, udalekuak eta abarrak bertan behera gelditzen ari diren eta erantzukizuna gazteen gainean soilik uzten ari den honetan, instituzioek ere beren ardura dutela gogorarazteko momentua da: sarri bai sarri atzetik dabiltzalako, esparatrapuak jartzen zauriak egin ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.