inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Aholkuak besteentzat

2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Euskarak aberastasun handia du administrazioko zenbait arduradunekin gertatzen ari dena azaltzeko. Aholkurik ez du inork beretzat, eta bai besteentzat esan zenezake, edo, nahiago baduzu: kanpaiak mezetara deitzen, bera ez joaten... Hamaika atsotitz daude antzeko esanahiarekin,eta horrek agerian uzten du egoera horren maiztasuna eta sustrai historikoa. Hau da, beti egon da besteak baino bizkorragoa dela uste izan duena, bereziki boterean edo boterearen babespean.

Azala behar baita, Labiko kide gisa herritarrei itxiera perimetrala ezarri eta gero, norberak agindu hori urratzeko. Antzeko egoeretan harrapatu dituzte azken hilabeteotan Osasun Saileko beste goi kargudun bat eta ertzainburu bat. Duela bi aste txertoen harira izandako eskandaluaren ostean, are eta nabarmenagoa da Etxeberriaren ekintzak adierazten duena: inpunitate sentsazioa.

Oso ziur egon behar baitu bere buruaz Labiko bileretan parte hartu etagero haren erabakiak urratzeko. Ukiezintasun eta nagusikeria giro bat sentitu behar da. Protokoloz dagokienean baino lehenago txertatzeko sentitzen duten bera. Konfinamendu gogorrean, Castroko bigarren etxebizitzara joateko bultzatzen dituen bera. Euren buru politikoa oposizioaren dimisio eskaeren zaparradatik irten berritan itxiera perimetrala urratu eta ondoko herrira golfean aritzera eramaten dituen bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.