Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Marlaskak ez zuen asko ikasi

2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Mikel Zabalzaren heriotzari buruz galdetu zion EAJk, atzo, Espainiako Kongresuan, Fernando Grande-Marlaska egungo Barne ministro eta hainbat urtez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile izandakoari. Espainiako Gobernuak ezer ezin duela egin eta kasua irekitzearen ardura soilik auzitegiena dela esateko baliatu zuen bere erantzuna. Espainiako demokraziaren sendotasuna, zuzenbide estatuaren funtzionamendu garbia eta auzitegiek Zabalza kasuan egindako «lan akasgabe eta bikaina» goraipatu zituen, hori bai.

Orduko giroa aipatu zuen Marlaskak. Euskal herritarra denez, gogoratzen duela kasua, eta, orduan epaile ez bazen ere, handik gutxira epaile-praktikak Euskal Herrian egin zituela kontatu zuen, eta hemengo epaileek «ustezko torturak» ikertzeko egiten zuten lana goraipatu. «Diligentzia eta deklarazio askotarikoak gogoratzen ditut, epaiketak ere bai, eta zigor sententziaren bat edo beste ere izan zen. Eta epaile haiek kritika ugari jasotzen zituzten lan hori egiteagatik». Epaile haien «borondate hautsezina» nabarmendu zuen, eta hainbat izen eman ere bai.

Izan zen, bai, 1980ko hamarkadan halako epaileren bat Euskal Herrian, ez da gezurra. Baina, antza denez, Marlaskak ez zuen asko ikasi praktika haietan. Hala erakusten du, behintzat, Auzitegi Nazionalean egindako ibilbideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.