mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Zhivago doktorea

2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Badoaz karrikan gurasoak eta haurra oinez. Halako batean, zinema baten paretik pasatzean, haurrak kanpoaldean dagoen kartelari erreparatu dio: Zhivago doktorea. «Zhivago doktorea ikustera joan nahi dut», erran die gurasoei. Haiek ez dute kartela ikusi ere egin, eta haurrari besotik tira egin diote aitzinera segitzeko. «Hago isilik! Hi osasun publikora joanen haiz familia osoa bezala».

Txisterik txarrenak ere zerbait gorde ohi du gibelean. Gurasoek, Zhivago doktorearen aditzerik izan ez, eta segidan hartu diote mediku pribatu baten traza. Familiari ez dagokio halakorik, osasun publikoa baita eskura duena.

Sobietar iraultza aitzineko, momentuko eta ondoko miseriak eta zailtasunak pairatu zituen Juri Zhivagok; eta haren sortzaileak, Boris Pasternakek, zentsura jasan zuen. Bertze detaile bat: Zhivagoren garaian Sobietar Batasuna osasun arta unibertsala bermatzeko sistema bat eratzen hasi zela, eta konstituzioan jaso zuela horretarako eskubidea.

Pandemiaren eraginez, salbuespen egoeran daude osasun sistema publikoak. Beldur iturri da inork lurrikara baliatuko ote duen tsunami pribatizatzaile bat eragiteko. Zantzu kezkagarria da lehen arretarekin Hego Euskal Herrian hartu den erabakia. Seinale ona litzateke, hortaz, Zhivago doktorearen txisteak, aurrerantzean ere txarra izanik, gutxienez zentzuari eutsiko balio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.